Zilbetira Mendi Martxa

2012-6-2

Mezu honen bitartez, heldu den ekainaren 2an, larunbatarekin, Zilbetin antolatu dugun MENDI MARTXA gonbidatzen zaituztegu, Antzeriko inguruak sakonki ezagutze aldera. Izan ere, inguru berezi hori ZEC izendatutako gunea da, hau da, Kontserbazio Bereziko Eremua, eta Natura 2000 europar sarean dago sartuta. Bertan pagadi bat dago, oso berezia, non bizi baitira desagertzeko arriskuan dauden espezie batzuk. Arrisku hori, orain, inoiz baino handiagoa da, MAGNA enpresak harrobi bat egiteko proiektua abiarazi duelako. Proiektuak aurrera jarraitzen badu, 80.000 pago gazte botako dituzte, zenbait animalia-espezie desagertaraziko dituzte eta bertako akuiferoak kutsatuko dituzte. Horretaz gain, eskualdeko egitura sozial eta ekonomikoa enpresa handi gutxi batzuren eskutan geratuko da, eta horiek, dudarik gabe, zokoratuta utziko gaituzte mea bukatu bezain laster.

Hortaz, Aldude Mendia Koordinadorakook ekainaren 2ko MENDI MARTXAn parte hartzera animatzen zaituztegu. Hiru orduko ibilbide zirkularra izanen da, non, herrikoek gidatuta, hobe ezagutuko baititugu hala eskualdea nola proiektua, eta, bide batez, barrabaskeria hau salatuko dugu. Zilbetitik 10:00etan aterako gara, eta behin martxa bukatutakoan, 14:00etan, bazkari autogestionatua eginen dugu herrian bertan. Edariak eta kafea Koordinadoraren kontura joango da.