Lurrari buruz

Nondik gatoz eta nora goaz

LURRAREN DEIA

Lurraren Deia 2000. urtean jaio zen talde ezberdinen bilgune izateko helburuarekin. Euskal Herriko ehun pertsonak “Gure amaren lurra defendatzeko deia” izeneko manifestua zinatu genuen, zeinean instituzioei eskatzen diegun gelditu dezatela egun gauzatu nahi duten garapen eredu jasanezina. Eredu horrek hain antzinakoa den Euskal Herri zaharra identitaterik gabeko Euskal Hirian bihurtzeko arriskua du, gure herriaren izaera kapital espekulatzailearen interesen esku utziz.

2002an Johannesburg-en NBE-ak antolatutako Nazioarteko Goi-bileran Lurraren aldeko Elkarrizketa izeneko dokumentua sustatu genuen 50 bat eragile sozial eta sindikalek. Bertan, gure herrirako bestelako garapen eredu baten oinarriak proposatzen dira.

2006ko Lurraren Egunaren ospakizunetan, bataz beste, beste 100 bat pertsonek Garraitz irlako manifestua zinatu genuen. Manifestu hartan eztabaida soziala irekitzea eskatu genuen, baina inposaketa izan zen erantzuna; benetako parte-hartzea egituratzeko tresnak bilatu genituen, eta guztia marketin berdean bihurtu zen, gure hatzek ilargia seinalatzen zuten... baina eurak hatzei begiratzen zieten.

Ez ginen geldirik egon. Ondorengo 10 urte luze, gogor eta espero dezagun, oparo hauetan ospatu ditugun Lurraren Egunetan topaguneak bilatu eta hainbat eztabaida sustatu ditugu: esaterako, hirigintza basatiari buruzkoa, dualismo sozialaren ingurukoa, edo Kanpezu, Bakio, Etxarri, Otxandio, Lekeitio, Zornotza, Murgia, Barakaldo, Oiartzun eta Altsasuko landa eremuei buruzkoak, besteak beste. Eztabaida hauen fruitua da lurraren babeserako sarea sortzeko proposamena.

LURRA SAREA

Lurraren babeserako sarea egituratu nahi dugu. Eguzki-lore baten hostoek haina korapilo eta amaraun izango dituena, sendoa bezain malgua, errotua bezain berritua, maila bakarrekoa eta parte-hartzailea, anitza eta eraginkorra, gure ekimenak ez baitu arkitektoen lana izan nahi, gure ostadar kolektiboaren mila koloreak josiko dituen jostun baten lana baizik.

Lurra sarea bidea elkarrekin egiteko gonbitea da, ez itxitako edo bukatutako proiekturantz, baizik eta parte hartzen dugunok gauden lekutik abiatuta, bakoitzak bere ekarpenak eginaz egituratuko dugun proiekturantz. Urte luzeetan zehar musu truk lanean ibili direnen parte-hartzeari esker harilkatuz joan den sare kolektibo hori, mugimendu boluntario, anitz eta deszentralizatuan egituratu nahi dugu.

Ekimen honek badu beste helbururik: nola antolatzen, elkarrekin harremanetan jartzen edo mobilizatzen garen eztabaidatzea. Herritarron parte-hartze soziala aldatzeko tresna berriak sortu behar ditugula uste dugu, horrela baino ez baita posible izango natur ondarearen berreskurapena, beharrezkoa posible egiteko energia sortzaileak askatzea, eta Euskal Herrian garapen demokratikoan oinarritutako eredua gauzatzeko kontratu sozial berria sortzea.

Eskua luzatzen dizugu mundu berri baten ametsa besarkatzeko, eskuak, besarkadak eta korapiloak gehituz naturarekin bat egin eta bere defentsarako sare handi bat josteko.